Xomorro lapurra album ilustratua

Irati Garmendia Lazkaon bizi den 27 urteko neska ordiziarra da. Haur Hezkuntzako gradua burutu zuen eta hezkuntzako oposaketak atera ostean, gaur egun hezkuntza publikoan dabil lanean. Bere burua ez du soilik irakasletzat, baizik eta emakumea, alaba, laguna, bikotea… ere badela dio, eta orain zerrenda horri beste hitz bat gehitu dio: idazlea. Izan ere, Xomorro lapurra izeneko album ilustratua argitaratu berri du Ane Arzelus ilustratzailearekin batera, Erein argitaletxeari esker.

Haur Hezkuntzako irakasle den aldetik, eta betidanik idaztea gustatu izan zaionez, bere ofizioa eta afizioa uztartu, eta terapia modura, idazteari ekin zion. Altxor txiki bat sortu du hala; bidenabar, bere zauriak sendatzen lagundu dio eta, noski, horrelako egoera batekin topatzen den edonorentzat baliogarria izan daiteke.

Xomorro lapurra bizipen pertsonal batean oinarritutako album ilustratua da. Xomorro honek, ordea, ez dauka covid-19arekin zerikusirik. Kattalinen, bere amaren eta haren titian sartu den xomorroari buruzko kontakizuna da. Argi esanda, bularreko minbiziaz mintzo da album ilustratu hau. Kattalinen amatxori xomorro bat sartu zaio titian, xomorro lapur bat. Eta medikuntzan “bularreko-minbizi” bezala ulertzen badugu ere, Kattalini horrek ez dio axola. Izan ere, etiketa bat izen bat besterik ez da, eta askozaz garrantzitsuagoa da horren atzean dagoen emozioez betetako mundua.

2017. urtean xomorro lapur batekin egin zuten topo Iratik eta bere familiak. Xomorroak bere amaren ezkerreko titian bizitzea erabaki eta familiako kideen bizitza osoa hankaz gora jarri zuen. “Bularreko minbizia da” – horiexek izan ziren medikuak esandako hitzak. 23 urte zeuzkan orduan Iratik "ez nintzen umea, baina gerta zitekeen (eta tamalez gertatzen da) ume nintzela horrelako albiste bat jasotzea" dio. Gerora ere, berriz egin die bisita xomorro lapurrak eta amonaren eskuin bularra berarekin eramatea lortu zuen. Horregatik, ipuina amari eta amaren amari, amonari, eskaintzen die; borroka honetan garaile izan baitira.

Haurren begiradatik kontatuta dagoen istorioa da, Kattalinen begiradatik, hain zuzen. Izan ere, haurren begietatik begiratzea baino gauza liluragarri edo zirraragarriagorik ba al da? Hausnarketa konplexuak egiteko gai gara, baina haurrek nola pentsatzen duten ulertzea kosta egiten zaigu. Haurren mundua helduen mundutik begiratzen dugu ezinbestean eta, konturatu gabe, gure begietatik interpretatzen eta tratatzen ditugu haurrak.

Askorentzat erreminta moduko bat izango da kontakizun hau, bizitzen ari diren egoera euren txikiei kontatzeko tresna moduko bat. Beste batzuentzat aukera bat izango da, familian edo eskolan horrelako gai zail bat sentsibilitatez lantzeko aukera bat. Zalantzarik gabe, egoera lehen pertsonan bizi edo ez, gure gizartean gero eta arruntagoa da gaixotasun honen presentzia. Nork ez dauka lagun bat, familiako kide bat, ezagun bat, egoera honetan? "Benetan espero dut horrelako esperientziarik bizi behar ez izatea, baina egunen batean xomorro lapurra zuen bizitzetan sartzen bada, aurretiaz Kattalin ezagutzeak ziur bidaia zertxobait erraztuko dizuela" dio Iratik.

Horretaz gain, itxialdian Erraietatik, hezkuntzaz aritzeko txokoa izeneko webgunea sortu zuen Iratik, erraietatik hezkuntzaren inguruan zituen kezka eta jakin-minek bultzatuta. Bertan, hainbat atal aurki daitezke: interesezko gaiei buruzko hausnarketak, artikulu eta liburu interesgarrien aipamena, album ilustratu eta ipuinen kontaketak, eta material manipulagarrien bilduma oso aberatsa.

Jendearekin partekatzeko helburuarekin sortutako webgunea da, egindako lana baliagarri zaion orok erabil dezan. Hain justu ere, horretan datza hezkuntza. Sare sozialetan ere aurkitu dezakezue, zehazki, instagramen eta Facebooken.

Sartu, arakatu eta zabaldu!