Loratuz, haurren sexualitate eta sexu heziketaren webgunea

LORATUZ webgunea, 2020ko konfinamendu aldian sortu zuen Maddi Erauskin Adarraga donostiarrak, Haur Hezkuntzako gradu amaierako lan bezala. Haurren sexualitatea ikuspuntu holistiko batetik landu nahi zuela argi zuen arren, prozesuaren hasieran euskarri digital bat sortzen amaituko zuela esan izan baliote, ez luke sinetsiko. LORATUZ pixkanaka forma hartzen eta loratzen joan den prozesu baten emaitza dela esan daiteke.

Aurten, EHUk ematen duen Berdintasun saria, Empar Pineda saria, alegia, jaso du lan honek.

Gizarte kristau eta heteropatriarkal honetan, sexualitatea ezkutuan gorde beharreko zerbait bailitzan ulertu izan da, eta, gutxinaka, aldatzen ari bada ere, Maddik bere aletxoa jarri nahi izan du bide horretan aurrera jarraitzeko. Horregatik, giza sexualitatea eta bereziki haur sexualitateari buruzko oinarri teorikoak eta bai heldu, bai haurrekin lantzeko baliabide anitzak eskaintzen ditu sortutako euskarri digitalean.

Lan osoan zehar, modu sinplean eta, ahal izan duen neurrian, teknizismo eta azalpen konplexuak ekidinez, sexualitatea txikitatik landu eta garatu behar dugun giza dimentsio bat dela defendatzen du. Izan ere, ikuspuntu holistikotik ulertutako sexu heziketari esker, izan ditzakegun aurreiritzi, beldur, lotsa eta ezjakintasunak onartzea errazago gerta liteke, eta, hortik abiatuta, horiek guztiak ulertu eta eraldatuz, geure burua hobeto ezagutu eta askeago izateko aukera izango dugu.