Ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik

Ixabel Agirresarobe Arzallus Usurbildarrak 30 urte daramatza ipuin kontalaritzan. Landaberri Ikastolan egin zituen ikasketak eta bertan ezagutu zituen hamaika ipuin eta liburu, gerora, bere ibilbide profesionalean, bidelagun izango zituenak. “Orduko liburu batzuk oraindik jasoak ditut eta nire kontakizunetarako erabili izan ditut” -aipatu digu Ixabelek.

1991az geroztik kontalaritzan dihardu eta, ondorioz, modu askotara burutu ditu kontakizunak. Lagun batekin egin zituen hastapenak eta kontakizun emanaldiak mozorroturik eskaintzen zituzten. Berehala, ordea, bakarkako ibilaldiari ekin zion, mozorroak alde batera utzi, eta ahozkotasunak duen garrantziaz eta indarraz gozatu asmoz. Kontakizunetan momentuak berak eskatzen duen egoerara moldatzeko gai izan nahi zuen eta, hori horrela, aurreantzean bat-batekotasunari eutsi zion.

Ondoren, Iñaki Martiarena “Mattin”ekin batera Irudipuinak proiektuan murgildu zen, zuzeneko marrazkien laguntzaz ipuin kontakizun saioak egiten zituzten. Gerora, Hankagorri antzerki taldearekin Pantxikaren atlasa jarri zuen martxan; eta, Gorringo taldearekin, 1282 Animalia kontu ipuin antzeztuekin jarraitu zuen. Hori guztia, betiere, bakarkako lana utzi gabe. Izan ere, zuzenekoa maite duela azpimarratu digu, une bakoitzean -izan haurra, gaztea ala helduaren- aurpegiak ikusi eta horrekin jolasteak “erritmoa, kontalaria eta entzulearen artean moldatzeko aukera” ematen duela azaldu digu. Zuzeneko emanaldiez gain, telebistan ere aritu izan da kontalari lanetan, Eitb-k eskaintzen zuen Ipupomamua telebista saioan.

Ipuin kontalari aritzeaz aparte, zenbait liburu argitaratu ditu Ixabelek: Amona Tomaxaren abenturak liburuxka 2019an, Noaua! Usurbilgo Herri Aldizkariaren eskutik eta Amona Tomaxa eta gizandia liburua 2020an, Elkar argitaletxearen eskutik. Biak ala biak, “Mattin” ilustratzailearen ilustrazioekin.

Egun, haibat proiektu ditu esku artean. Horietako bat Dantzipuinak da; Jaione Albeniz dantzariarekin batera eskaintzen ditu saioak, dantza eta ipuinak uztartuta. Hori ez ezik, ipuin kontaketa arinak, pertsonalizatuak eta bideo bidez egindakoak ere prestatzen ditu. Hemen duzue promozio-bideoa eskuragarri.

Berarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, bi aukera dituzue. Batetik, mugikorra: 675712383; eta bestetik, helbide elektronikoa: ixabel.agirresarobe@gmail.com

Jarraian, Ixabelek guri proposaturiko ahozko ipuin kontaketa ikus dezakezue. Gozatu ahozkotasunak sortzen duen indarraz!

Zergatik dute isatsa animaliek? ipuina

ANIMALIEN ISATSA-1.mp4