Ikasgelan poesia txertatzeko jarduera sorta eta haurrentzako euskarazko poema antologia
Haur Poesiaren Lihoa hezkuntza baliabidea Amaia Zurutuza Irastorzak sortu du 2020ean, Gradu Amaierako Lan moduan. Lan hau poesia eta Haur Hezkuntza batzen dituen ikuspegitik sortu da, gaurko eskolatik abiatuz bestelako eskaintza eta ikusmoldeak bidera daitezkeelakoan. Lihoaren prozesuaren bi une berreskuratu nahi izan ditu, lehena ehuntzeari lotua dagoena, tradiziotik jasotako poesiari begira jarrita; eta bigarrena, sorkuntzari lotua, milurteko berriari begira, egungo haur poesia aintzat hartuz.
Gaur egun topatzen dugun egoerari erantzuteko jaio da HAUR POESIAREN LIHOA hezkuntza tresna. Hezkuntzak poesiaren arloan pairatzen dituen gabeziei irtenbide bat ematea da asmoa, eta horretarako baliabide ezberdinak eskaintzen ditu: ikasgelan poesia txertatzeko jarduera sorta bat eta baita haur hezkuntzarako poema antologia bat ere.
Haur poesia garrantzitsua eta beharrezkoa den arren, gizartean, eta bereziki eskoletan, ez zaio merezi eta behar duen garrantzia eta lekua eskaintzen, ez presentzia aldetik, ezta baliabide aldetik ere. Irakasleon kontzientzia eta formazioan egon daiteke, hein batean, haur poesiaren esperantza izpia. Irakasleok gaiaren inguruan formatu eta jantziz gero, orduan eta haur gehiago izango dira poesiaren magiarekin topo egiteko aukera izango dutenak; eta esponentzialki biderkatuko da poesiarekiko tabuak hautsi eta hau maitatzen, baloratzen eta normalizatzen hasiko den jende kopurua.
IKASGELAN POESIA TXERTATZEKO JARDUERA SORTA:
Baliabide kutxa honen barruan Haur Hezkuntzako ikasgeletan hain beharrezkoak diren poesia lantzeko zenbait bitarteko eskainiko dira, ikusi baita askotan horien falta dagoela. Tradizioarekiko begirunea eta erabilgarritasuna aintzat hartuz, baliabideen tresneriaren oinarrian tradiziotik ipuin bilduma bat berreskuratu da, Lourdes Iriondoren Hego haizearen ipuinak (1973) eta hasierako ipuinak egokituak izan dira baliabide sorta harilkatzeko eta ehuntzeko liho bihurtzeko. Iriondoren lehen hiru kapituluak erabili dira, hau da, Hego haizearen ipuinak, Belardia galdu zuen kilkerra eta Ipar haizea eta itsasoa izenekoak; eta bakoitza ibilbide poetiko batekin lotu da: Haizea firin-faran, Haizearekin dantzan eta Haizearen fereka.
Hiru ibilbide nagusi proposatzen dira eta bakoitzak geldiune ezberdinak izango ditu, tradizioa eta egungo haur poesiaren topagune bihurtuz.
HAUR HEZKUNTZARAKO EUSKARAZKO POEMA ANTOLOGIA:
Gutxi batzuetan liburu osoa, eta gehienetan hustuketa egin eta aukeratutako poema sailkapen bat eskaintzen da. Hauek guztiak konbinatuz, eskaintza zabala eta kalitatezkoa emango zaie haurrei, eta, pixkanaka, haien poesia iruditeria eraikitzen joango dira, etorkizunean baliagarria izango zaiena. Horotara, 18 poema liburu eskaintzen dira.
Poza
Zuni eta Kulun-kuttunak
Jiran-biran
Barruko leihoa
Joemak eta polasak
Xomorropoemak eta beste piztia batzuk
Ur: euriaren liburua eta Botoi bat bezala
Begi-niniaren poemak
Egun osorako poemak eta beste eta Orbel azpiko haikuak
Errekak su eta Haizeak hitz, hitzak haize
Pupuan trapua
Tximeletrak
Sekretuak belarrira
Txori kantariak, poeta hegalariak