Azalerako ipuinak diskoa
Azalerako ipuinak CDa haur txikiei eta haien ondoan dauden nagusiei luzatutako jolaserako proposamena da. Ahozko tradiziotik eta haur literaturatik jasotako kantu, olerki, hitz-joko eta ipuin laburrak, musika eta soinu tresnekin uztartu dituzte. Bakoitza, bere erara, hizkuntza zein soinu egarri den haurrarekin batera, ahozkotasunean barneratu, eta musikaz gozatzea da lanaren asmoa.
Material hau erabilitzeko, aldatzeko, ukitzeko, jolasteko, dantzatzeko, asmatzeko… gonbitea luzatu digu Saroak, proiektuaren sortzaileak.
"Azalerako Ipuinak orain dela 9 urte jaio zen egitasmoa da, haur txikitxoei eta euren familiartekoei haur literatura eta tradiziozko ahozkotasuna gerturatu, eta praktikarako baliabideak emateko. Haur masajea oinarri hartuta, eta tradiziotik datozen jolasekin, proposatzen den lantegi bat da. Urteak aurrera joan ahala, gurasoek materiala eskatzen zuten; sarri, etxera heldutakoan, ez zirelako landutakoaz gogoratzen. Horrela, eskaera horri tiratuta, batu ginen Azalerako Ipuinak diskoa sortzeko" kontatu digu Saroa Bikandik, lan honen ama denak.
"Proiektu honetan, Maria Uriarte (www.etxegiroan.eus) eta Tomás F. Juanes kideak ezinbesteko motorra izan dira, benetan sinetsi baitzuten proiektuan. Mariak asko maite du literatura eta azalerako ipuinen esentzia oso ondo ezagutzen zuen; jolasa, transmisioa, maitasuna, zirrarak, hitzen eta gorputzen bidea… izango ziren oinarri. Mariak ahotsak eta alde artistikoa egin zituen eta Tomasek, berriz, ekoizpenak. Talde honetara batu ziren, ondoren, Peru Madalena nire bazkidea, poeta, idazle, bide lagun eta artista dena, eta baita Quico Pugés musikaria ere, musika ulertzeko eta bizitzeko modu oso berezia duena; denok gara musikariak harentzat eta edozein objektu edo gorputz atalekin musika sortu dezakegula defendatzen du. Nahasketa honekin, estudioan sartu ginen, proiektuaren espiritua gure bihotzetan taupa-taupa sentitzen genuela." adierazi du egileak.