Ahozko euskal testuak Haur Hezkuntzarako, Symbaloo plataforma bidez
Ahozko euskal testuak Haur Hezkuntzako errutinetarako baliabide, 2019-2020 ikasturteko Gradu Amaierako Lan batetik sortutako materiala da. Amets Galdos Irigoienek Haur Hezkuntzako praktikaldietan, irakasle batzuek errutinetarako euskarazko baliabideak topatzeko orduan zailtasunak zituztela ikusi zuenez, hauentzat lagungarri izan zitekeen online plataforma bat eratzea erabaki zuen. Hau honela, galdetegi baten bidez, EAE-ko irakasleek zituzten zailtasunak detektatu eta, hauen beharrizanak aztertuta, errutinetarako egokiak izan daitezkeen euskarazko baliabideak biltzen dituen plataforma erabilerraz bat sortu du.
Baliabideak hautatzeko orduan, honako puntu hauek hartu dira kontuan:
O Euskarazko materiala izatea.
O Haur Hezkuntzako errutinetan lantzen diren gaiekin lotura izatea.
O Ahozko generoen artean aniztasuna egotea.
O Errespetu eta berdintasunean oinarrituak izatea.
O Irakasleek gai bera lantzeko baliabide ezberdinak izatea, kasuan kasu, egokiena hautatu eta norbere ikasle taldera egokitzeko aukera izateko.
Lana Haur Hezkuntzako irakasle den orori zuzendua dago. Izan ere, plataforma digitala izan arren, oso erabilerraza eta intuitiboa da; beraz, ez da beharrezkoa teknologia berriekin aditua izatea.
Era berean, etapa honetako haurrek erabil dezaten pentsatua dago. Plataforman aurki daitezkeen gaiak ikono adierazgarri batekin adierazita daude, eta, behin gaia hautatuta, honen inguruko genero bakoitzak ere bere ikono eta kolore bereizgarriak ditu. Hori horrela, haurrek ere plataforma hau modu autonomoan erabiltzeko aukera dute.
SARTZEKO ESTEKA: https://www.symbaloo.com/mix/ahozkobaliabideakhh-n
Nola funtzionatzen du Symbaloo plataformak?
Ametsek sortutako baliabidea Symbaloo izeneko plataformaren bitartez gauzatu da. Ikus dezakezuen moduan, Symbalooaren hasieran, gai nagusi batzuk daude bilduta: Eskolarako sarrera, hilabeteak, zenbakiak, koloreak, animaliak, egun bereziak, eguraldia eta urtaroak, familia, gorputza, etab.
Bada, horietako batean klikatuta, Symbalooak beste pantaila batera eramango gaitu, non gai hori haurrekin jorratzeko ahozko euskal baliabideak aurkituko ditugun; besteak beste, asmakizunak, abestiak, jokoak, olerkiak, ipuinak, esaera zaharrak edota aho-korapiloak.