11 ipuinak lantzeko proposamen didaktikoa

11 kantatzeko proiektua ardatz harturik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrekin burutu daitezkeen hainbat jarduera proposatu ditugu.

  • Haur Hezkuntza:

  1. JARDUERA:

Haur txikienekin 11 kantatzeko proiektua modu erraz eta entretenigarrian lantzeko, lehenik eta behin, proiektuan biltzen diren ipuin klasikoak kontatu diezaiekegu haurrei, eta ipuin horiek ulertu eta barneratu ostean, haurrek ipuin horien bertsoak entzun ditzakete. Horrela, haurrek entzute aktiboa egin dezakete ipuinean entzundakoaren eta bertso eran entzundako edukiaren artean loturak eginez.


  1. JARDUERA:

Haur Hezkuntza etapa bukaeran dauden haurrekin, ipuina kontatu eta landu dezakegu, hasteko, behinik behin, ipuinean kontatzen dena ondo ulertu eta barnera dezaten. Ondoren, CDaren laguntzarekin edota irakasleak berak musikarik gabe, aurretik kontatutako ipuin hori bera konta dakieke ikasleei, baina oraingo honetan bertso bihurtutako bertsioan. Komeniko litzateke, noski, behin baino gehiagotan egitea, haurrak ipuin moduan entzundako istorioarekin loturak egin eta, bide batez, bertsoak ikasten joan daitezen. Horrela, bukatzeko, ikasleek bertsoak edo bertso batzuk, behintzat, ikasiko lituzkete eta gai izango lirateke aurrez ezagututako pasarte horiek bertsotan kantatzeko.

  • Lehen Hezkuntza:

  1. JARDUERA:

Haurrak irakurtzen ikasten hasten diren unean, talde handian, txikian edota bakarka, haurrei ipuin klasiko bat esleitu dakiekegu, eta ondoren, ipuin bertsokatu hori ahoz goran abestu. Modu honetara, haurrek literaturatik bertsolaritzarako zubi-lana egingo dute, era dibertigarri batean. Ipuin batzuen bertsoak oso luzeak badira, bertsoak laburtu ditzakegu, edota haurren artean zatiak banatu.


  1. JARDUERA:

Gure ikasleek irakurketa eta idazketa prozesuak barneratuta izanez gero, gaitasun horiek lantzeko aproposa izan liteke proposatzen dugun hurrengo ariketa. Hasteko, ikasleek, taldeka, ipuinei dagozkien bertsoak entzun beharko lituzkete, baita, ondoren, irakurri ere. Bertso horiek irakurrita, aztertuta eta ondo landuta, horien bidez kontatzen den istorioa ulertu beharko lukete. Behin kontakizuna ondo ulertu eta osatuta dutenean, talde bakoitzak istorio hori kontatzen duen ipuina sor dezake, narrazioak idatzita eta ilustrazioak eginda.

Halaber, hezkuntza-etapa edozein dela ere, uste dugu material hau egokia izan litekela diziplinarteko proiektu bati bide emateko. Proiektuaren oinarria literatura eta bertsolaritza lantzen hastea izan arren, eta lan hauetan, batik bat, hizkuntza lantzen bada ere, hainbat alderdi eta gaitasun lantzeko moduko proiektua osa dezakegu. Batzuk aipatzearren, honako ikasgai eta gaitasunak lan daitezke, adibidez: plastika edo artea (ipuinetako ilustrazioak aztertu eta landu, ilustrazio berriak egin hainbat teknika erabiliz…), musika (bertso bihurtutako ipuinak entzun, erritmo desberdinak aztertu eta barneratu; musikan entzun daitezkeen musika-tresnak bereizi, ezagutu eta erabili…) ingelesa (proiektu honetako ipuin berberak entzun edo irakur ditzakegu ingelesez, ipuinetan darabilten hiztegia landu…) edota matematikak (ipuineko gertaerak ordena kronologikoan ordenatu; zenbakiak, tamainak, konparaketak… landu).