AURKEZPENA

HitzKeta 2017-2018 ikasturtean hasitako proiektua da, eta Donostiako Irakasle Eskolan azken ikasturtea burutzen genbiltzan lau ikasleren eskolako lan batean du abiapuntua. Lan haren helburua, hain zuzen ere, interes komunak zituzten ikasleak bildu eta, interes horiek oinarri hartuta, teknologia berriak erabiliko zituen proiektu bat sortzea zen. Irakasle Eskolako ikasleak izaki, nola ez, hezkuntzaren inguruko jakin-nahiak; baina, batez ere, euskararen eta, oro har, euskal kulturaren gaineko interes eta maitasunak batu zuen ondoren HitzKeta izena hartu zuen taldea.

Gure lanaren funtsa zein izango zen, beraz, argi zegoen: euskara eta euskal kultura. Horiek irakaskuntzarekin eta teknologia berrien erabilerarekin nola lotu genitzakeen pentsatzea izango zen gure hurrengo pausoa. Bada, horretarako, landu nahi genituen arlo horiek guztiak aztertu eta horietan egon zitezkeen hutsuneak zeintzuk ziren antzemateari ekin genion.

Azterketa haren ostean, eta graduko lau urteetan zein ikastetxeetan egindako Practicum-etan ikasi eta ikusitakoak ere kontuan izanda, gabezia nabarmen bat somatu genuen irakaskuntzan (txikienekin, batik bat) euskal kultura lantzeko baliabideei dagokienean. Hala ere, jakin badakigu kulturak esparru oso zabala hartzen duela bere gain. Hori horrela, eta arlo baten zentratze aldera, gure lana Haur Hezkuntza etapara eta musika eta literaturara bideratzea erabaki genuen, haurtzaroan eta Haur Hezkuntza etapako irakaskuntzan literaturak eta musikak duten garrantziaren jakitun.

Esan bezala, beraz, gure lanak Haur Hezkuntzako etapan euskarazko literaturak eta musikak zituzten hutsuneak betetzea izango zuen xede. Haatik, hutsune horri beste zenbait zulo ere aurkitu genizkion, eta, ahal izanez gero, bederen, guzti-guztiak bete nahi genituen:

  • Haur Hezkuntzan euskarazko literatura eta musika lantzeko baliabideak ezagutarazi nahi genituen.

  • Baliabide horiek kalitatezkoak izatea gura genuen.

  • Guztientzako erabilgarri jarriko genituen: irakasleentzat, ikasleentzat, familientzat...

  • Guzti-guztiek euskarazko baliabideak erabiltzeko aukera izan zezaten nahi genuen, eta euskaraz ez jakitea ez zen horretarako oztopo izango; alderantziz, euskara ezagutu gabe ere, beren seme-alabei euskarazko materiala eskaintzeko aukera izango zuten.

  • Guztiengana heldu eta erraz hedatzeko, teknologiak ematen duen aukera probestuko genuen, baina sortuko genuen hori sinplea eta erabiltzeko erraza izango zen, edozeinek erabili ahal izateko.

Ideiak argi, HitzKetako web-gunea sortu eta kalitatezko euskarazko literaturaren bilduma moduko bat osatu genuen. Era berean, bertan bildutako liburu, olerki eta abestiak erabili eta lantzeko zenbait proposamen didaktiko ere eskuragarri jarri genituen. Halaber, gure ustez, garrantzitsua zen webgunea erabiliko zuen jendearekin hartu-emana izatea, eta, horregatik, erabiltzaileei ere beren proposamenak bidali eta bildumen osaketan parte hartzeko aukera eskaini genien. Aurrez aipatu bezala, gainera, bai euskara, bai gaztelera erabili genituen gure orrialdean, euskaraz ez zekiten familiek ere hura erabiltzeko eta, beraz, beren seme-alabei, eskolatik kanpo ere, euskarazko baliabideak eskaintzeko aukera izan zezaten.

Proiektuaren bukaerara heltzeko igo genuen azken koska hedapenarena izan zen. Eginda zegoen lana edozeinentzat erabilgarri jarri nahi izan genuen, askorentzat probetxuzkoa izan zitekeelakoan. Teknologia berriak baliatu genituen horretarako ere: sare-sozialak, emailak, web-orriak... espero genuena baino erantzun oparoagoa jaso genuen. Horrek proeiktuarekin aurrera jarraitzeko grina sortu zuen gugan, nahiz eta unibertsitateko azken urtea bukatzera gindoazen.

Ideia faltarik ez genuen: hobekuntzak, atal berriak, materiala gehitzea... unibertsitatea bukatuta, ordea, norkbere proiektu pertsonalak genituen, eta denbora nahiz elkartzeko aukerak sobera ez. HitzKetak, honenbestez, bi urteko “oporraldia” hasi zuen.

Bi urte horietan, baina, ez dugu burua geldirik izan eta berriz ere HitzKetari heltzeko gogoak hor zirauen. 2020ko pandemiak ekarri digun egoera arraro honek, pentsatzeko denbora, hausnartzeko denbora, gauza berriei ekiteko denbora... ekarri digu guztioi, eta baita HitzKetako kideoi ere, noski. Orobat, beste zenbait arlotan gertatu den bezala, egoera arraro honek izugarrizko eragina izan du irakaskuntzan ere, eta agerian utzi ditu behar asko eta asko. Behar edo hutsune horietako batzuk, behinik behin, betetzeko, HitzKeta bezalako proiektuak baliagarriak izan daitezkeela uste dugu eta proiektuari berrekiteko bultzada sentitu dugu horren aurrean.

Ideia berriak eta hobekuntzak buruan, lanerako gogoa eta motibazioa soinean, badator berriz ere HitzKeta!