LIBURUAK LANTZEKO PROPOSAMEN DIDAKTIKOA
Jarduera hauekin hasi aurretik, garrantzitsua da ipuinen hautaketa on bat egitea, horretarako hainbat irizpide erabiliz. Gure webgunean esaterako, gaiaren, idatzitako moduaren, egituraren eta ilustrazioen arabera hautatzen ditugu ipuinak.
Behin ipuina hautatuta, hainbat modu egon daitezke ipuin horiek erabiltzeko. Jarraian, horretarako dauden modu desberdinak azalduko ditugu. Hauek praktikan jartzerakoan, kontuan hartu beharko dira haurraren (adina, gaitasunak, zaletasunak...), taldearen eta espazioaren ezaugarriak.
· Ahozgorako irakurketa.
Lehen proposamena helduak haurrari ipuina ahozgora irakurtzearena da. Album ilustratuei dagokienez, ilustrazioak ipuina kontatu bitartean erakustea da egokiena, gehienetan, istorioari balioa eransten baitiote.
· Antzezpena.
Bigarren proposamen honetan ere, helduak haurrari ipuina kontatzea da helburua, baina antzezpen txiki bat eginez. Horretarako, helduak mozorroak (peluka, txapela bat, kapa bat...), objektuak (bastoi bat, saskia, platerak...) erabil ditzake. Horregatik, ez da beharrezkoa albumaren irudiak erakustea antzezten ari garen bitartean. Ipuina antzezterakoan, pertsonaia bakoitzari mugimendu eta ahots tonu berezi bat ematea komeni da, haurra istorioan errazago sar dadin.
Kontakizunaren antzezleak haurrak izatea nahi badugu, bi aukera desberdin proposat ditzakegu: bata, pertsonaiak banatu eta ipuina istorioa kontatzen ari den bitartean, haurrek pertsonaiak irudikatzea gorputz adierazpenaren eta mozorroaren bidez. Bestea, irakaslea ipuinaren narratzaile izatea eta elkarrizketa guztiak haurren artean irudikatzea, bai ahoz, baita gorputz adierazpenaren bidez ere.
· Txotxongiloak.
Hirugarren proposamen ipuina txotxongiloen bidez antzeztearena da. Kasu honetan, ipuina ahozgora kontatu bitartean, behatzen bidez mugi daitezkeen txotxongilo batzuk erabiliko dira (etxean eginak edo erosiak). Ipuina modu honetan kontatzerakoan, haurrei marrazkiak erakutsi dakizkieke, baita irudirik gabe kontatu ere, norberaren arabera.
Kontakizuna antzezten dutenak haurrak izatea nahi badugu, haur bakoitzari pertsonaia bat -beraz, txotxongilo bat- eman eta istorioa helduok kontatzea da modurik sinpleena. Zailtasuna handitu nahi badugu, haur bakoitzari bere pertsonaiaren elkarrizketa zatiak esateko eska geniezaioke.
· Narrazio gaitasunaren garapena
Laugarren proposamen hau haurren narrazio gaitasuna garatzea da helburua. Horretarako, gurasoak ipuina haurrari ahozgora kontatu ondoren, haurraren txanda izango da. Haurrak bere erara kontatu beharko du helduak kontatu dion ipuina. Haurra istorioa kontatzeko gai ez bada edo hasteko zailtasunak baldin baditu, modu hauetan lagun genietzaioke: marrazkiak erakutsiz, ipuinaren hasiera geuk kontatuz (lehen orriak), esaldien hasierak geuk eginez edota galderen bidez (zer egin du hemen protagonistak?, Non dago protagonista?...). Mota hauetako kontakizunak egitera bultzatuz, haurrak bere gaitasun narratiboa garatu ahal izango du.